top of page

Baina ezin daiteke Alde Zaharrari buruz mintzatu Plaza Barria aipatu gabe. Izan ere, betiko bilbotarren elkar-gune eztabaidaezina da plaza hau. Esan beharra dago Plaza Barria izena datorrela antzina beste plaza bat egon zelako, Erriberako merkatuaren parean. Lekuz aldatzean, “barria” adjektiboa ezarri zitzaion.

 

Erreferente urbanotzat jotzen da, eta Bilboko gunerik biziena bezala definitzen dute biztanleek, plaza inguratzen duen galeria estaliari esker. Hau taberna eta jatetxez josita dago, eta giro alaia egoten da, bereziki igandeetan. Arkitekturari dagokionez, neoklasizismo erromatarraren adibide da, eta pisu handiko obra arkitektonikoa ere bai. Honen erakusle da plaza egiteko 65 urte behar izan zirela, 1851ean inauguratu zen arte.

Alde zaharra

 

Bilboko zazpikaleak (edo alde zaharra) hiriko auzorik zaharrena da. Zehazki, auzo honetatik aurrera sortu zen Bilbo. Izena dator 7 kalek osatzen zutelako, eta honako hauek dira: Goienkale (edo Somera), Artekale, Dendarikale, Belostikale, Harategi zahar kalea, Barrenkale eta Barrenkale Barrena. Auzoa Ibaizabal itsasadarrak inguratzen du.

 

Bilboko gunerik zaharrena izatean, eraikin esanguratsu asko daude hemen, historian zehar garrantzia izan dutenak. San Anton Eliza da aipatu beharreko lehena, Bilboko eta Athletic Club-eko armarrietan agertzen dena, eta hortaz, hiriko sinbolotzat jo daiteke. Eraikin erlijiosoekin jarraituz, Donejakue katedrala eta San Nikolas Eliza ere badaude. Zibilei dagokienez, Bidebarrietako Liburutegia eta Erriberako Merkatua dira nagusiak, historikoki paper garrantzitsua jokatzeagatik. Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa eta Zazpikatu Gaztetxea dira auzoan gune kultural nagusiak.

 

 

© 2014 Ander eta Ainhoa-ren eskutik. Wix.com

bottom of page